KOMUNIKAZIOA

Gaur Onintza Belategi etorri zaigu Mondragon Unibertsitateko HUHEZItik. Barne eta kanpo komunikaziorako klabeak zeintzuk diren azaldu dizkigu.

Hasteko ariketa bat egin dugu identifikatzeko zeintzuk izango diren gure proiektuaren interes taldeak eta zertarako nahiko dugun beraiekin komunikatzea. Oso garrantzitsua da interes talde bakoitzari mezu bat igortzea eta landua izan dadila. Horretarako komunikazio hori planifikatu egin behar eta izaera estrategikoa izan behar du;  lehentasunak zeintzuk diren erabakitzeko, zein tonu erabili behar dugun, zenbat denbora dedikatu behar diogun bakoitzari, etab.

Komunikazio plana egiten hasi beharko dugu eta horretarako gure baloreak identifikatu beharko ditugu, gure pertsonalitatearen balio markak izango direlako: nolakoak garen, gure indarguneak… Ondoren merkatuaren azterketa bat egin beharko dugu jakiteko zein iritzi daukaten kanpoan (beste enpresek, bezeroek, konpetentziak…) gure proiektuari buruz edo merkaturatuko dugun ideia orri buruz. Horrela, jasotzen ditugun iritzi eta proposamenak gure proiektuaren komunikazioa eraginkorra izateko balioko digu.

Agerraldi, hitzaldi edo ekitaldi ezberdinetan ematen dugun irudia nola zaindu behar dugun ere ikusi dugu, hainbat adibiderekin lagunduta.

Azkenik, Onintzak azaldu digu gure proiektuaren logotipoa eta leloa nolakoak izan behar diren benetan efektiboa izatea nahi badugu.

 

 

BERRIKUNTZA SOZIALA

Gaurkoan, Berrekin Berreginera, Gorka Espiau etorri da Young Foundation-etik, eta berrikuntza sozialari buruz aritu gara.

Berrikuntza soziala oso kontzeptu berria da, baina, geroz eta gehiago entzuten da lan munduan, eta askok, oso ondo zer den ez dakiten arren, honi heldu nahi diote gaur egungo egoerari/eraldaketa garaiari moldatzeko asmoz.

Baina, zer da ba berrikuntza soziala? Gaurko saioaren ostean, ondorioztatu genezake, behar sozialei aurre egiten dioten proiektuak direla. Baina, proiektu hauek badute berezitasun bat, beraien prosezua ez da goruntz doan funtzio lineala, olatu itxura du, eta gorantz egin aurretik “behera” egiten du. Gorka Espiauk asko azpimarratu duen ideia da hau, berritzaile amerikarraren mitoa alde batera utzi, eta berrikuntzetan komunitatearen inplikazio handia egon beharko da.

Inplikazio hori errealitate bihurtzeko Ikerketa Etnografikora jotzen dute Young Foundation-ean, leku batera joaten dira urte bete inguru bertan bizitzera eta obserbazio bidez ikerketa egiten dute. Ikerketa horretan bertakoekin elkarrizketa ugari izaten dituzte, beraien historia nola kontatzen duten jakiteko. Beraien historia kontatzeko moduaren eta behin baino gehiagotan pertsona berdinekin hitz eginez, komunitatearen balio sistema zein den ulertzera iristen dira. Hala, beraien arazoak, zailtasunak, aukerak eta aspirazioak ondo ezagutzera iristen dira, eta proposatuko dituzten proiektuak gizarte horrekin konektatzera iritsiko dira, komunitateak proiektuetan parte hartuz eta hala sistemaren aldaketarako pausu izanez. Gainera, egindako balorazio horretan, komunitatearen prioritateak hartzen dira kontuan, eta ez kuantitatiboki ondorioztatutakoak. Hortik sortuko den narratiba beraz, komunitateak ulertu eta onartzeko errazagoa izango da.

Laburbilduz beraz, komunitate jakin bateko arazo konplexuei erantzuna emateko, ikerketa sakona egiten da, beraien errealitatea ondo barneratu eta hauei soluzioa emateko proiektu ugari eta konkretuak proposatuz, zeinak interkonektatuak egongo diren. Proiektu hauetan komunitateak parte hartuko du, eta gutxi batzuk bakarrik funtzionatuko duten arren, prozesu hau etengabe lanean badabil, arrakasta izango duten proiektuak areagotuz joango dira. (We are heard, we are involved, we have ownership and control).

Berrikuntza sozialaren kontzeptua behin barneratuta, gure eskualdeko kasua aztertu dugu taldeka. Gehienak debagoienakoak izanik, “ikerketa etnografiko” bat egin dugu, eta bertan gure balioak, arazoak eta aukerak aztertu ditugu.

EKONOMIA SOZIALA

Gaur Ekonomia Sozialaren oinarri teorikoak landu ditugu.

Horretan hasteko, talde dinamika baten bitartez eztabaidatu dugu kooperatiba baten eta S.A. baten arteko ezberdintasunak. Labur esanda, kooperatiba batean langilea dago enpresaren erdian, bazkideak enpresaren jabe dira eta erabakietan parte hartzeko mekanismoak daudenez, bakoitzak bozka bat izan ohi du asanblada nagusian. Aldiz, S.A. batean akziodunak dira enpresaren jabeak, eta enpresan jarrita duten kapitalaren araberakoa da daukaten bozka kopurua, izan ere, kapitala handitzea da enpresa horen sorburua.

Lanki Ikertegiko Ariannek azaldu dizkigu Arrasateko kooperatiba esperientziaren nondik norakoak. Kooperatibagintzaren bilakaera ikusi dugu, XIX. mendetik hasita 90.hamarkadaraino, non 50 kooperatiba baino gehiago sortu ziren, kontestu soziopolitiko berezi hartan eta autarkia ekonomikoari esker. Aldiz, 90.hamarkadatik 2006.urteraino bigarren fase bat bereizten da non kooperatiba txiki horiek handi egiten hasten diren, merkatua globalizatu egiten den eta identidade soziala galtzen den. Azkenik, 2006. urtetik hona, krisi sistemiko baten garaian gaudela aitortzen da, eta, beraz, birpentsatzeko beharra.

Nola ez, Arizmendiarretaren ekarpena azkimarratu du Ariannek, berari buruzko bideo txiki bat jarrita eta ezagutu dugu nola gerra osteko panorama hartan pertsonen garapena aitzaki hartuta gizarte kooperatibo bat sortu zuen. Gizarte autoeratuarekin amesten hasi eta komunitate enpoderatua sortu nahian hezkuntza sozializatzeko sortu zen Eskola Politeknikoa, adibidez. Aurrezki kutxa ere, enpresei kreditua eskaintzeko, ….

Saioaren bigarren zatian Enekoitz Etxezarreta etorri zaigu EHUtik, gizarte berrikuntzaren inguruan bere ikuspegia azaltzeko.

Ekintzailetasun soziala zertan eta nola egin beharko litzatekeen aipatu du; ekimena gizarte eragileek abiatu behar dute, gizartearen aspirazioei erantzunez, jendeartearen premiak asetzea elkarren arteko harremanak eraldatuz, parte hartzea demokratikoa izanez, eta beti ere, herritarron bizi kalitatea hobetzeko helburuz. Horren harira, bi esperientzia erakesperientzia utsi dizkigu; Quebec-ekoa eta Italiakoa.

Quebec-eko adibidearekin ikusi dugu gizarte berrikuntza sistema bat, non ikerkuntza, zerbitzuak, finantziazioa, prestakuntza eta hezkuntza sistema integral bat garatu den gobernantza parte hartzailetik, elkar-eraikitzetik, eta ekonomia plurala uztartuz. Hala, zerbitzuak demokratizatu dira, bizi baldintzak hobetzeko, tokiko garapena emateko eta herritarrei lana eskaintzeko asmoz.

Italiako kasua, berriz, gizarte zerbitzu kooperatiboak dituen sistema bat da, non zaintza kooperatibak dauden zaharren egoitzak, eguneko zentroak, etab. kudeatzeko sortuak, batetik, eta bestetik, gizarteratzeko enpresen kooperatibak, bazterkeria egoera arrisku pean dauden kolektiboei zuzendua. Horrela, administrazioak betetzen ez dituen funtzio publikoak kooperatiben bitartez osatzea edo ordezkatzearen arrakasta eta ahultasunez mintzatu gara, besteak beste.

KRISI ENERGETIKO ANBIENTALA

Bigarren astea Joseba Azkarra eta Joserra Becerraren bisitarekin hasi dugu.

Lehenak pairatzen dugun krisiaren dimentsio desberdinak azaldu zizkigun, krisia lurrikara batekin alderatuta. Lurrikaretan, hipozentroa eta epizentroa bereizten dira. Lehengoa, lurpean emandako mugimendu sismikoa da eta bigarrena, honek lurrazalean duen proiekzioa. Gaur egungo egoerara ekarriz, epizentroa krisi ekonomikoa eta honen ondorio latz guztiak lirateke; hipozentroan, ordea, krisi sistemikoaren errealitatea legoke, arazo askoz konplexuagoa.

Lurpe horretan, hiru krisi nabarmentzen ditu Azkarragak. Krisi energetikoa: orain arteko energia fosil merkeen aroa agortzear dago, eta ezinezko egingo du gaurko metabolismo sozioekonomikoari eutsi ahal izatea (are gutxiago sostengatu ahal izango da bere etengabeko izaera hazkorra). Bigarrenik, klima aldaketa: aldatzen ari gara azken 12 mila urtetako egonkortasun biofisikoa, guretzat ezinbestekoa. Ondorio ekologikoetatik haratago, ondorio ekonomiko eta soziopolitikoak ekarriko dituena. Hirugarrenik, biodibertsibitatearen galera masiboa dugu: azken 65 milioi urteetako bizitzaren gainbeherarik handiena eragiten ari gara. Hirurek dute eta izango dute gure ongizatean eragina. Bertatik, ondorio azpimarragarria ateratzen du soziologoak: gaur egun, gatazka ez da soilik kapitalaren eta lanaren artekoa, kapitalaren eta bizitzaren artekoa baizik.

Joserra Becerrak krisiaren adibideak ekarri zizkigun, eta egoera iraultzeko gure bizierak aldatu beharko genituzkela ohartarazi zuen: kontsumismo indibidualistatik soiltasun partekatura.

Trantsizio horretan, gure bizimodua aspektu askotan aldatu beharko litzateke: elikaduran, aisialdian, kontsumoan eta abar. Gainera, ekonomia eredua aldatzeak lanpostu berri batzuk sortu zituela nabarmendu zuen.

HAZITEGIA:

Proiektuen hazitegia ere martxan da.

Lehengo saio honetan, Arrigorri eta Koop57 kide-ko Liher Gonzalezek bere esperientzia kontatu digu, eta, ostean, bakoitzak etorkizuenerako dituen ideiak eta ezinegonak aurkeztu ditu: hezkuntza, aisialdia, elikadura burujabetza, aholkularitza, eta artea izan dira jorratu ditugun gai batzuk.

Hazitegian Beñat Irasuegi izango dugu bidelagun. Talaios kooperatibako eta Olatukoop sareko kideak ere bere ibilbidea partekatu du gurekin.

DESIGN THINKING

Design thinking, zer da?

Honen azalpen txukun bat emateko Olatz Ibarretxeren bisita izan genuen oraingoan. Ideia berritzaileak sortzeko tresna edo baliabide desberdinak eskaini zizkigun.

DESIGN THINKING-a filosofia edo teoria jarraitzen duen prozedura proiektu eraginkor bat martxan jartzeko orduan ondoko eskema honek azaltzen digu:

ESPLORAZIOA————IDEAZIOA————-PROTOTIPOA——INPLEMENTAZIOA

 

 

GIZARTE ALDAKETAK

Aurreko asteko asteartean, Aitzol Loiola iraskalearen bisita jaso genuen. Etorkizunera begira desio edo nahi dugun gizarte justu eta humano baterantz abiarazteko, lehenik atzera begirako bidai bat burutu genuen. XX. mendeko gizarteko egoera sozial eta ekonomikotik, gaur egun aurkitzen garen testuingurura arteko balantze bat egin genuen, hau da, belaunaldi desberdinetakoek bizi edo pairatu zutena. Gure aiton-amonetatik hasi, gure gurasoak eta gaur egun guk geuk bizi duguna. Bizi dugun egoera ekonomikoaren aurrean, indibidualismotik irten eta kolektiboan oinarrituriko jarduerak edo aukerak planteatu behar ditugu, alternatiba berriak. askotan baina, alternatiba horrek indibudualki planteatu edo abiarazten ditugu eta horrek inkontzienteki berriro merkatuaren logikaren barruan sartzen gaitu, berriro kapitalismoaren zurrunbiloaren barruan sartuz. Beraz, eraginkorrena alternatiba horrek komunitate izaera hartzea izango litzateke.

“Berrekin” ekonomia soziala

(2016.02.12an GOIENAko PUNTUA aldizkarian argitaratutako artikulua )

Bada bestelako ekonomia bat. Balio demokratikoetan oinarritzen dena eta berezkoak dituena berdintasuna, jasangarritasuna eta ongizate kolektiboa; 14 miloi enplegu sortzen ditu, Europako lanpostuen %6,5, berriki Europako Parlamentuaren egoitzan antolatu den European Forum on Social and Solidarity Economy-n aditzera eman den moduan (http://efsse.org/). Bestelako ekonomia hori da Ekonomia Sozial Solidarioa (ESS). Azken hamarkadan loratu den mugimendu zabala da ekonomia solidarioa, eta, gizartearen espazio periferikoetatik sortu arren, etorkizuneko gizartearen erdigunea bilatzen duena.

Zein da mugimendu honen abiapuntua? Azken urte hauetan oso sakonekoak diren gizarte aldaketak ari dira gertatzen maila globalean eta zenbait argi gorri pizten hasi dira; hauek agerian uzten dituzte egungo ekonomia neoliberalaren akats estrukturalak eta birbanatze logikaren limiteak. Egun gertatzen ari diren bi gizarte joera:

a) Injustizia soziala areagotzen ari da. Inoiz izan den kapital kontzentrazio tasa altuenetan gaude, krisi garaian areagotu egin da desoreka hau eta datuak oso kezkagarriak dira: munduko 62 pertsona aberatsenek munduko biztanleria erdiaren adinako aberastasuna dute (https://www.oxfam.org/es/informes/una-economia-al-servicio-del-1). Krudela da datua benetan: 62 vs 3.500.000.000. Deigarria da 62 pertsona hauetatik %85 gizonezkoak izatea. Egungo ekonomia eredua biztanleen %1en aldekoa da, gainontzeko %99aren bizkar.

b) Erronka energetiko-anbientala itzela da. Ekonomia neoliberalak ez du kontuan hartzen baliabide mugatuak dauzkan mundu batean bizi garela eta etengabeko hazkuntza ekonomikoa jasanezina dela planeta finitu batean. Petrolio eta gas erreserbak agortzen ari gara eta ez dago hauen ordezko energetikorik: ez energia nuklearrak, ezta energia berriztagarriek ere ezingo dute etorkizunean petrolioa ordezkatu. Euskal Herrian bizi kalitate handia edukitzea lortu dugu, baina gure aztarna ekologikoa dagokiguna baino 3 edo 4 bider handiagoa da (La evolución sostenilbe I eta II – Lanki kuadernoak). Ekonomia globalak doiketa sakona behar du, Lurrak eskaintzen dituen baliabideetara moldatzeko.

Testuinguru global honetan kokatzen da ESS. Garapen ekonomikoa zentroan duen eredu batetik bizitza zentroan duen eredura jauzi egiten du, ekonomia bitarteko gisa ulertuz, ez helburu nagusi bezala. Baina ez gaitezen nahastu eta ez dezagun pentsatu ESS utopiaz eta diskurtso ponpoxoz elikatzen dela bakarrik. Ekonomia solidarioa zerbait bada, praktika konkretuez osaturiko mugimendua da. Tokian tokiko praktika konkretuak sortzen ari dira, eta maila lokalean erronka globalei erantzuna ematen diete.

Norabide honetan, oso interesgarria da Debagoienak eskaintzen duen markoa. Badugu hamarkadatan zehar gorpuztua izan den inpultsu eta praktika kooperatibo sendoa, gizarte eraldaketa proiektu batetik abiatuz demokrazia ekonomikoa praktikan jartzen duena; badugu herrigintzaren logikatik abiatuz erronka sozialei heltzen eskarmentua duen gizarte sare zabal, trinko eta indartsua; eta bada etorkizun humano eta justuagoa eraikitzeko grina eta konbikzioa duen gazte belaunaldi berri bat. Gauzak horrela, posible al da eskualdeko ezaugarri endogeno hauekin ekonomia molde berriak praktikan jartzea? Intuizio horretatik abiatu genuen aurreko urtean Berrekin.Berregin egitasmoa (https://berrekinberregin.com/), ekintzailetasun sozialaren bidez gizarte justu eta jasangarriagoa eraikitzeko asmoz.

Martxoan hasiko dugu Berrekin.Berregin-en bigarren edizioa: uztartuko ditugu a) formazioa, ekintzailetasun sozialaren marko teorikoa eskainiz eta erreminta konkretuak ezagutuz eta b) enpresa proiektu ideia berrien lanketa, norberaren motibaziotik eta eskualdean dauden beharren identifikaziotik sortuak.